XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Berri Ona pobreei iragarri

Jesusek bazekien Jainkoak guztientzako salbamena lortzeko bidali zuela, baina batez ere zapalduentzat eta baztertuentzat, berauek zirelako salbamena beharrezkoen zutenak.

Nazaretera joan zen, bera hazi zen herrira, eta larunbatean sinagogan sartu zen, ohi zuenez, eta irakurgaia egitera zutitu.

Isaias profetaren liburua eman zioten eskura eta, irekitzean, pasarte hau aurkitu zuen: Jaunaren Izpiritua nire gainean dago, berak nau bidali gatibuei askatasuna eta behartsuei berri ona adieraztera, itsuei ikusmena hots egitera eta zapalduak askatzera, Jaunak onginahia azalduko duen urtea hots egitera.

Liburua itxi, laguntzaileari eman eta eseri egin zen; denak sinagogan begira-begira zeuzkan. Eta honela hasi zitzaien:

- Gaur bete da profezia hau entzuten didazuenontzat.

Lk 4, 16-21

Hauxe da Lukasen ebanjelioko zorionbideen mamia.

Mateoren ebanjelioan ere agertzen dira zorionbideak, baina zentzu desberdina dute.

14. Konpara itzazu Lukas eta Mateoren zorionbideak, antzekotasunak eta desberdintasunak idatziz.

Lk 6, 20-23

Zorionekoak behartsuok, zuek baituzue Jainkoa errege.

Zorionekoak orain gose zaretenok, aseko baitzaituzte Jainkoak.

Zorionekoak orain negar egiten duzuenok, barre egingo baituzue.

Zorionekoak zuek, Gizonaren Semea dela-eta, jendeak gorrotatu, kanpora bota eta madarikatuko zaituztenean eta izen txarra emango dizuetenean. Alai zaitezte egun horretan eta egin pozez jauzi, handia izango baita zuen saria zeruan; gauza bera egin zieten profetei jende horren gurasoek."

Mt 5, 3-12

[...] Zorionekoak bihotzez behartsu direnak, haiek baitute Jainkoa errege.

Zorionekoak negarrez daudenak, haiek baititu Jainkoak kontsolatuko.

Zorionekoak bihotz gozokoak, haiek baitira jabetuko Jainkoak hitz emandako lurraz.

Zorionekoak Jainkoaren nahia betetzeko gose-egarri direnak, haiek baititu Jainkoak aseko.

Zorionekoak errukitsu direnak, haiek baititu Jainkoak erruki izango.

Zorionekoak bihotz-garbiak, haiek baitute ikusiko Jainkoa.

Zorionekoak bakegileak, haiek baititu Jainkoak seme-alabatzat hartuko.

Zorionekoak Jainkoaren nahia betetzeagatik erasotuak, haiek baitute Jainkoa errege.

Niretzat, beste edozein kristaurentzat legez, Jesukristo Jainkoaren Seme bizia da, haren hitzean haragitutako egia, beragan sinetsi eta haren maitasun itzel gurutzefikatzaileaz maitatzen dutenen salbatzailea.

Bere aginduak aldarrikatzera etorri da: Izan zaitezte pobre. Izan zaitezte baketsu. Izan zaitezte errukior. Izan zaitezte bihotzez garbi.

Baketsu joka ezazue.

Utziozue justiziari zuen jazarle izaten.

Horrela, sar zaitezte, gaurdanik, zeruetako Erreinuan.

Lanza del Vasto (1901-1981) Poeta eta filosofo frantsesa, Gandhiren jarraitzailea